UNAI UGARTEMENDIA

UNAI UGARTEMENDIA...mendi hegaletan gora
Begia noraino, nahia haraino...

miércoles, 30 de marzo de 2016

Atzera begira...

     Gure herriak, Andoainek, eman duen talderik onenak, B.A.P ek, abesten zuen bezala, gaur "atzera begira" jarri naiz. Jada urtebete da, BERRIA egunkarian, mendiko atalean idazteko eta elkarrizketak egiteko aukera eskeini zidatela. Eta bederatzi hilabete, hemen hitz bat ere idazten ez nuela. 
     Hasieran ez zen batere erreza izan, astero, bi orrialde bete behar izatea. Nola egin? Nondik sortu ia 10000 hizki? Eta ez bazait ezer okurritzen? Lehen deia, nire aurretik lan berean ibili zen Ramon Olasagasti tolosarrari egin nion. Hark, nituen kezka guztiak uxatu zizkidan.
-Lasai Unai, bigarren hilabetetik aurrera, konturatzerako osatuko dek.
-Ea egia den Ramon, gauz ederra izango huke.
   Nahia Quincoces mendi eskiatzaile eta mendi lasterkaria izan zen nire lehen elkarrizketatua. Deban gelditu ginen. Konturatzerako igaro zitzaidan ordubete. 

Nahia Quincoces lehen elkarrizketatua

   Bigarren hilabetetik ez, baina laugarrenerako hartua nion tamaina. Urte oso honetan, Euskal Herrian historian zehar mendiarekin zerikusi handia izan duten pertsona asko ezagutzeko aukera izan dut, egindako elkarrizketen bidez. Txikitan urruti ikusten nituen mendizale asko, mikroaren aurrean jartzeko aukera izan dut. Inork ez dit ezezkorik esan, ezta gutxiagorik ere. Denak laguntzeko prest topatu ditut. Ez naiz kirol askotan ibilitakoa, hala ere, argi daukat mendizaleak ezberdinak direla/garela. Lehengoan, lagun kirol kazetari batekin hizketan ari nintzela horrela bota zidan:

-Hi Unai, arazo asko jartzen al dizkiate mendizaleek? Nola dek posible, Oiarzabal, Txikon edo Carlos Soria bezalako mendizaleak elkarrizketatzea?
-Nola? Oso errez. Telefonoa eskegi, markatu eta inongo arazorik gabe, hitzordua jartzen diagu.
-Bai zera, hain errez?
-Bai bai. Esaten diadan moduan.
-Ba jakintzak, guk, Errealeko Hektor Hernandez elkarrizketatzeko ere ikaragarrizko arazo pila izaten diagula. Esaten diadan bezala !! 
-Mendia eztek futbola (nire erantzuna). 
   Esan bezala, futbola ez da mendia... Hemen bakoitzak bere finantziazioa bilatu behar izaten du bere asmoetarako, ate asko jo behar izaten dira, lan asko egin... Hemen ez dira milioiak zerutik erortzen, ezta gutxiagorik ere. Gizakiago egiten ditu...

   Denbora honetan, historiako alpinista onentsuenak ezagutu ditut (A.Zerain, A.Txikon, J.Vallejo, C.Soria, J.Oiarzabal, A.Iñurrategi...), eskalatzaile paregabeak (P.Usobiaga, I.Zabala, I.Anda, M.Linazisoro...), eskiatzaile apartak (J. Del Campo, I.Lariz, I.Mtz de Albornoz, L.Orgué...), Euskal Selekzio ezberdinetako hautatzaileak (A.Murua, E.Aliende, J.Mulas...), txakurkroseko eta mushingeko korrikalariak (I.Armendariz, P.Etxeberria...) esploratzaile, abenturazale eta mendizaleak (E.Izagirre, I.Rico, E.Uribe...), mendi lasterkari ezagunak (U.Fraile, I.Azpiroz, I.Karrera, D.Agirre, E. Calvillo, U.Bengoa, J.Albizuri...), zinemagile zahar eta berriak (J.Baraiazarra, Karen Solé, A.Gisasola...) kirol kazetari, kamara eta argazkilari jatorrak (A.Elduaien, A.Agirre, A.Iturriza, I.De Mujika, A.Zatika, C.Mallés...), antolatzaile bikainak (G.Idirin, C.Hernando, F.Astiz...). Askorekin konfidantza pixka bat egin ere bai. Proba eder batzutan egoteko ere aukera izan dut, baita herrialde berriak ezagutzeko ere.

     Urte bat pasa da dagoeneko. Ea berdin jarraitzeko aukera dugun. Ondo izan !!

Juan Vallejo alpinista


Josean Mulas hautatzailea












Gotzon Idirin antolatzailea
Antxon Iturriza kazetaria

















Eñaut Izagirre geografoa
I.Mtz de Albornoz eskiatzailea