UNAI UGARTEMENDIA

UNAI UGARTEMENDIA...mendi hegaletan gora
Begia noraino, nahia haraino...

miércoles, 29 de noviembre de 2017

25. MARATOIA: Dena ondo zihoan...hobeto joaten hasi den arte !!

2017ko azaroaren 26a da. Donostiako Maratoia. 30,5. kilometroa, azken itzulian sartuta. Halako batean, azken 18 urtetan eta maratoiren batean ondoan izan ditudanen irudi "rafaga" bat igaro da nire burutik. Juani Urrutia, Gorka Bueno, Iñaki Etxeberria, Iñosken Mujika, Joseba Collantes, Imanol Arruti, Beñat Sarasola, Anartz Egimendia, Joxe Mari Etxeberria, Ainara Murua, Tximista, Iker Etxeberria, Felix Belaunzaran, Andoni Aizpuru, Mikel Lopetegi... Ez al dute esaten hil aurretik bizitza guztiaren irudiak azaltzen direla? Ni ere trantze horretan ote nabil? Itxuraz ondo goaz ba !! ...

Iker Irulegi, Iñigo Apalategi, Beñat Sarasola, Oier iloba, Iñosken Mujika, Mikel Rodriguez, Xatonio Irazu, Iker Beloki, Mikel Lopetegi eta Juani Urrutia.


Goizeko 07:00tan eman diogu hasiera egunari. Donostiarako bidea, Mikel Lopetegi eta Unai Diezekin egin dut. Ezin esan lasai joan garenik. Unaiek, lehena zuen, eta lehenengoaren urduritasunak nabariak ziren. Lo askorik egin gabe zegoen (nork esan behar zizun orain bost urte maratoi bateko irteeran egongo zinenik). Mikel lasaiago, lanak ondo eginak izateak ematen duen ziurtasunarekin. 
Iritsi, kafe bat, Andoaingo eta Tolosaldeko lagunekin par batzuk egin eta irteerara. Bidean, beste bi lagun handirekin goaz: Andoni Aizpururekin eta Gorka Buenorekin. Gorkarekin egin nuen lehen maratoia, eta hogeitabosgarrenaren bila ere berarekin noa. Andonirekin berriz iazkoa. Irrifarrea atera zait lehen maratoi hartako kontuez gogoratzean... Hiru txuri, bi beltzen artean...

Gorka Bueno eta Juani Urrutiarekin, 1999an.

Hasi da nire 25. maratoia. Gustora noa Mikelekin, oso. Pitz laguna ere ondoan daramagu edozer gauza gertatuta ere. 10 km... 15 km... 20 km... 25 km... 30 km...eta 34. kilometroa. Bertara iristean, kalkuluak egin eta 40 minuturen lana gelditzen zitzaigula konturatu naiz. Bi gatz pilula hartzeko gelditu naizenean, ondoko zuhaitzetatik aspaldiko lagun korrikalariak irteten hasi dira. Iñosken, Beñat, Apala, Iker, Juani, Xatonio, Oier iloba, Irulegi, Mikel... Ni bitartean, eta hauek? Ze kristo egiten dute hemen? Kamixeta beltz batzuetan, "ZORIONAK UNAI !! 25. MARATOIA" jartzen zuela ohartu naizenean, behera erori naiz. Uf... Ezin dut hitzik ere esan. Gorputza kateatuta bezala gelditu zait, burua ere antzeko, eta aurretik...zortzi kilometro ! Gogorrak egin zaizkit, oso gogorrak. 

Ama ere prest azken bultzada emateko !!


Anoetarako bidean, oroitzapen asko, Paris eta Erromako bidaiak, urte hauetan guztietan bidean galdutako lagunen baten aurpegia... Ezkerretara begiratzean Mikel ikusten nuen, eskuinetara begiratzean berriz, Apala. Azken hilabeteak ez dira onenak izaten ari berarentzat, eta begiratzen nion orduko, begietatik malkoak irteten zitzaizkidan. Halako batean iritsi ginen azken kilometrora. Eta amaierara. Mikelekin besarkatu, bere laguntza eskertu eta azkena ez dela izango esan diot. Handia haiz hankaluze !!




Dutxa eder bat hartu, zerbeza eder bat edan eta Mikelen eta Felixen familiekin hitzordua egina dugu Gaztañaga sagardotegian. Andoni agurtu eta familiarekin autoan Andoaina nindoala, zein zorioneko nintzen pentsatzen nuen. Horrelakorik merezi ez genuenaren sentsazioa ere izan dut une batean. Sagardotegira iritsi eta geroko sorpresak, hitzik gabe utzi nau. Ezustean, barrura sartu eta han ziren bilduta, ordu pare bat lehenago ondoan korrika izan ditudan lagunak, gurasoak, arrebak, ilobak, eta benetako lagunak. Handik aurrerakoa kristona izan da. Inoiz jaso nezakeen omenaldirik onena egin didazue, ez dut berehalakoan ahaztuko. Mila esker guztioi, MAITE ZAITUZTET !!



PD: Noizko denak batera maratoi bat?