UNAI UGARTEMENDIA

UNAI UGARTEMENDIA...mendi hegaletan gora
Begia noraino, nahia haraino...

jueves, 11 de diciembre de 2014

Maratoia? Hogeigarrenean aidanez...I. zatia

1999ko iraila izango zen Andoaingo kiroldegian geundela, maratoi hitza barneratu nuela. Eta zergatik ez probatu 42,195 metrotako distantzia? Aurreko urtean Juani Urrutia lagunak probatua zuen eta horrela bota zigun arratsalde hartan. Gorka Bueno lagunarekin hitz egin ondoren, saiatzeko aukera ikusi genuen. Etxera joan, eta afaltzen hasterako mahaiean bota nuen:

-Azaroan maratoia egiteko asmoa degu.
Esaldia amaitzerako, amak albotik:
-Maratoia? Ez al haiz konturatu osabak nola amaitu zituen egindako biak? Txoratu ala?

Arrazoi zuen. Tolosan bizi nuen osabak, probatua zuen bertan jasaten den egurra. Bi aldiz egina zuen, eta bietan ikaragarri gaizki bukatu zuen. Bigarrengo aldian, ospitalean amaitzera arte. Deshidratazioak jota, bertan igaro zituen hurrengo egunak. Han bukatu ziren maratoiarekiko kontuak osabarentzat.
Nik egia esan, enion errespeto handirik distantziari. Aurreko urtetan Behobiako lasterketa probatua nuen eta ondo moldatu nintzen. beraz, maratoirako prestaketan hasi nintzen. Gure entrenaldi luzeena, 20 km.takoa izan zen. Bezperan gogoan dut, afaltzeko garaian urduri sentitzen hasi nintzela.
Goizean jeiki eta Juani eta Gorka hartu ondoren, Donostiaruntz abiatu ginen. Azken orduan herrikidea zen Iñaki Etxeberria ere elkartu zitzaigun. Iñakik teoria argi zeukan, lehen km.tik 5 min/km.tako erritmoa eramango genuen eta berak behintzat, ura besterik etzuen edango. Guk, harrapatzen genuen guztia. Lasterketa ederki joan zen eta konturatzerako gogoan dut 25. km.ra iritxi ginela. Gero 30 era eta konturatzerako 35. geunden. Neure buruari galdetzen nion. Eta hau al da maratoiaren gogortasun guztia? 7 km. besterik ez dira gelditzen eta...Hau pentsatu eta handik km. batera,... ia ezin nuen ibili ere egin. Kag...A ze mixeria !! Hankak harriak baño gogorrago jarri zitzaizkidan. Ordurako erritmo berbera mantentzeko tenorean, gorputzak aldaketa eskatzen zuen. Edo erritmoa pixkat bizitu edo enuen helmugara iristeko aukerarik. 
-Bueno mutilak, nik erritmoa pixkat igo edo bestela eztiat bukatzen. 
Ordurako Iñaki ere, harrapatzen zuen guztia edaten hasia zen. Halako batean erritmoa zerbait azkartu eta amaitzeko aukera izan nuen...3,28:45 izan zen nire denbora. Helmuga igaro orduko nire hitzak hauek izan ziren. "Bale Unai, probatu dek, baiña maratoiak ikusi hau betirako". Oso gogorra egin zitzaidan amaiera. Dutxatu ondoren, bazkaltzera joan ginen. Pote pare bat hartu ondoren, Alde Zaharreko jatetxe batera gerturatu ginen. Behin bazkaltzen hasi ginela, burua lasaitu eta...hurrengoa prestazen hasi ginen. Bizitzaren girabueltak...
2000. urteko maratoian Gorka (987) eta Juanirekin (985).
Ezkerrean, Tummo Turbo irabazlea. Izena ere aproposa zuen !!

Horrela hasi zen nire maratoiarekiko erlazioa. Handik aurrera, urtero egiten genuen Donostiako maratoia. Urte batzuk igaro eta gero, 2005ean kanpora joateko aukera aztertzen hasi ginen. Orduan askotan batera lasterka ibiltzen ginen Iñosken Mujika eta biok Parisera korritzera joateko aukera probestu genuen. Bikoteak hartu, eta bost egunetako opor txikiak egiteko aprobetxatuko genuen maratoia korritzeko. Bertan Imanol Arruti laguna ere han zebilen. Goizean goiz jeiki eta egun guztian Parisen bueltaka ibili ondoren, bueltazen ginen hotelera. Gogoan dut, maratoiaren aurreko egunean nola oheratu ginen gaueko 12tan...neka neka eginda. Gure agurra hau izan zen, oheratu aurretik:
-Eta bihar zer egin behar diagu? Erdi hilik gaudek eta...
Goizean jeiki eta gosaltzen ari ginela, biak "xixko " eginda geunden...Irteeran egun hartan 35000 korrikalari elkartu ginen. Latza !! Nola hala amaitu genuen eta hurrengo egunean, ezpain guztiak altxa zitzaizkidan deshidratazioaren ondorioz. Halaxe izan nituen hurrengo hilabete oso batean.
Hori izan zen kanpoan korritako lehen maratoia.

Paris 2005. Iñosken Mujika lagunarekin.

Bartzelona 2006. Anartz Egimendia lagunarekin.
Neguan Donostian izaten genuen zita nagusiari, udaberriko maratoia gehitu genion, eta hurrengo urtean Bartzelonako maratoia egin nahi genuen. Azken orduan izandako arazo batzurengatik, Iñoskenek ezin izango zuen korri egin eta orduan lankide nuen Anartz Egimendiak lagundu ninduen. Egun ederrak igaro genituen Bartzelona aldean. Hau ere amaitu genuen. Itzela izan zen Anartzek amaitzeko izan zuen adorea... hiru aste bakarrik entrenatzen ibili eta gero. 2014ean berriro ikusiko ote gera Bartzelonako maratoian ?






2007an berriro ere, maletak prestatu eta Gorka Bueno eta Joseba Collantesekin,
2007 Erroma. Joseba Collantes eta Gorka Buenorekin
Erromara egin genuen txangoa. Gorka eta Joseba etziren asko ezagutzen eta ni nintzen bien zubi lanak egiten. Ikaragarri ondo pasa genuen. Gorka eta ni amaitzeko asmotan joan baginen ere, Joseba denbora egitera joan zen. Eguna bapo jaten eta edaten pasatzen genuen, eta nola ahaztu han jandako pizza eta pasta ezberdinak eta "Birra Moretti" zerbeza hura !! Ez ditut inoiz ahaztuko, gauean ohera sartu baino lehen, Josebak, bere "porrotxoaren" laguntzarekin egindako denboren taula pila haiek. A ze parrak egiten genituen Gorka eta biok !! Erromako maratoia benetan gogorra da. Km. mordo bat "pabes" gainean dira, eta horkatilek sufritzen dutena ezin da deskribatu. Hala ere, Erroma guztia korrika igarotzeak, hori eta gehiago merezi zuen. Eta hau ere amaitu genuen...

Hauek izan ziren nire maratoiarekiko hastapenak. Bertan igarotako momentu eta egindako lagunak, maratoian pairatzen den sufrimentua ere ahazten dute. Hurrengoan, aurtengoaren kronika eta bitxikeri batzuk kontatuko dizkizuet