Orain urtebete, guraso "primerizoen" antzera, erditzeko egunean zeharo urduri esnatu ginen. Ez da erraza izaten lehen eguna. Inon ez, erraza. Beti izaten da zerbaitetan huts egingo dugunaren zalantza. Ondo aterako ote da? Eta hau gertatuz gero, zer? Prest al gaude? Betiko galderak, eta erantzunik gabeko erantzunak, Baina, bai, jaiotza ederra izan genuen. urtebete pasa eta gero, orain, zutik jartzea zen helburua. Galderak ezberdinak ziren. Eta ez bada zutik mantentzen? Lau oinetan ibiltzea, ez da bi oinetan ibiltzea ! Ikusi beharra zegoen. Aurreko lan guztiak ondo egin genituenaren susmoa izan arren, ez da inoiz jakiten. Goizeko 5etan, kolpetik jeiki gara iratzargailuak jo orduko.
Ring, ring, ring...Ez diogu denbora askoan irrintzika utzi ordulariari. Dutxa eder bat hartu eta bagoa z etxetik 5:30tan. Mikel bizilagunarekin portalean gelditua nintzen 5:30tan.
-Ieup !! Bate loik in al dek?
-Ez motel, 12tan oaindik esna nitxoan !!
-Lasai, hemendik gutxira earki esnatuko haiz eta !!
Bost minutu beranduago, Gozona pastelerian gara, Pitz lagunarekin, eskaleek atea jotzen duten bezela, kafe baten eskean. Eskerrak Pitzek lagunak dituen !! Kafe azkar bat eta egurrean. Ez da lanik gelditzen !! Goizeko 6tan han agertu gara denak zintzo-demonio !!
-Eunon denei !!
Azkar antolatu gara. Batzuk ballak jartzen, besteak arkuak, besteak jaimak, besteak izenemateak kontrolatu, besteak sare-sozialak... Jende ezagunari kaso egin, kanpotik etorritako Miguel Angel Cebrian eta Marc Fernandez agurtu (bata Alakantetik eta bestea Saloutik), Iñaki Arratibel agurtu, gertukoei zortea opa eta konturatzerako Aitor Elduaien handia (HAUNDIYA berriz ere) lasterkari faboritoen zerrenda botatzen somatu dut. Metallica musika, jendearen aurpegi serioa, animoak eta... mendira !!
Umea jantzi dugu, gosaria eman diogu, eta kalera goaz, ea, bi hankatan zutik mantentzeko gai den ikustera. Famili osoari deitu diogu gure umea, lurrera erori gabe mantentzen den ikustera etortzeko. Osaba eta izebak herri ezberdinetatik azaldu dira (200 bolondres), batzuk Alkizatik, besteak Elduaindik, besteak Iruratik... Lehengusuak beranduago iritxiko dira eta banan bana (300 korrikalariak). Dena prest dago jada. Jendea ere hurbildu da Tolosara...
Osaba-izeba batzuen argazkia (Unai Sorarrain) |
Lau ordu igaro dira, eta lehen abixua. Ismail Razga, Ibarran da dagoeneko. Errekorra egingo du dudarik gabe, hegan egin du beste behin irabazleak. 4 ordu eta 4 minutu besterik ez ditu behar izan izan, ibilbidearen 44 kilometroak eta 2900 metroko desnibel positiboa sahiesteko. Buff.... Atzetik, Iker Karrera. Poz ikaragarria eman dit bigarren zetorrela entzun dudanean. Nik oso gertuko haut, eta bazekiat zer sufritu deken. Zorionak potro !!
IKER KARRERA helmugaratzen (Unai Sorarrain) |
Atzetik beste denak. Gehienak ezagunak. Asko oso gertukoak. Hauen artean, Ion Azpiroz laguna. Aste gogorra pasa dek, bazekiat, eta hala ere, ez huen lasterketa amaitu nahi emozioak jota. Earra !!
ION AZPIROZ, Uzturre gaina gaindituta (Unai Sorarrain) |
Emakumeek ere, a ze egurra !! Oihana, Aitziber eta Elena podiumean ikustea ederra da. Sufrimendua, indarra, gogoa eta ilusioa gorputz berean daramatzaten hiru emakume. Zorionak zuei ere !!
A ze hirukotea !! Zorionak Aitziber Ibarbia, Oihana Kortazar eta Elena Calvillo !! (Iker Abaigar) |
Bitartean, helmugan jarri, eta bertan pasa ditut lau ordu. Banan-bana, lasterkari guztiak zoriondu (Zegama-Aizkorrin ikusia), eta azkenaren zain gaude. Ordurako, sari banaketa amaitu da, eta Aitor Elduaienek, bi irabazleei deitu, eta azkenarekin sartzeko gonbitea luzatu die, txapela jantziz. Haren zain jarri gara, eskuan lore-sorta hartuta. Badator Solana kaletik barrena, denak zain, eta halako batean lasterketako irabazleak, txapela jarri eta azken 50 metroak, jendearen txalo zaparradaren artean egin ditu Aitor Lasak. Zorionak !!
Halako batean, umea zutik jarri da azkenean. Arratsaldeko 5ak dira, eta badirudi zutik mantenduko dela gainera. Jendea pozik gelditu da, gustora. Gurasoak zer esan, oraindik eta gustorago. Umea zutik mantentzeko, beharrezkoa izan dugu hauen laguntza: ARALAR Kirolak, Otsabio, Lixone, Aneto, Ioanna Arbillaga Podologia, Tolosako, Alkizako, Irurako, Elduaingo eta Ibarrako Udalak, Pasaban, Xoilan, Rotulos Vicente, Excavaciones Oruezabal, Alur-Txiki Elkartea, Mahala, Ibarra Argi Lanak, BERRIA, Coca-Cola, Iriarte Jatetxea, Oargi, Hoka, Grupo Delta, FullGas, Gipuzkoako Foru Aldundia, Insalus, Ibarburu Merkatutxoa, Gipuzkoako Mendi Federazioa, Ataria, Lumagorri...
Zailena egin dugu, orain egonkortzea besterik ez da falta. Gurasoak lanerako prest gaude, osaba-izebak ere ondoan izango ditugu, baina umea sendo atera dadin, gozatu, mimatu, zaindu eta horretarako, lagunen laguntza beharko dugu datozen urteetan. Bizi luzea izan dezala T3T-Tolosaldeko Hiru Tontorrak !!
No hay comentarios:
Publicar un comentario