BERRIArako mendiko sailean hasi nintzenean, kazetari batek hala esan zidan:
-Alpinisten lagun egiteak, bi alde dizkik: alde txarra, edozein unetan galtzeko arriskua daukak. Baina ona ere bai, pena merezi diken jendea dek. Bizitzeko gogo ikaragarria ditek, une oro bizitzeko gogoa, gauzak askoz ere gehiago baloratzen dizkitek, eta hauekin lana egitea oso erreza dek. Ikusiko dek, pena mereziko dik !
Etzuen arrazoi faltik ! Bide guzti honetan, alpinista asko ezagutzeko aukera izan dut. Munduko onenak ezagutzeko aukera. Alberto Iñurrategi, Juanjo San Sebastian, Simone Moro, Juan Vallejo, Xabier Erro, Alex Txikon, Juanito Oiartzabal, Edurne Pasaban, Carlos Soria, ...eta Alberto Zerain.
Ez dira hainbeste urte pasa Alberto Zerain ezagutu nuenetik, eta ez dut inoiz ezagutu ginen eguna ahaztuko. BERRIA egunkarirako elkarrizketa bat egiteko proposamena luzatu nion telefonoz, berak beste aldetik, "nola ez ba, euskaraz bada gainera hobe". Zur ta lur utzi zidan erantzunak. Hitzordua Gasteizen egin genuen, geroztik, bera bisitatu dudan guztietan egin izan dugun toki berean. Iritsi orduko, eskua eman eta biok betikoa eskatu genuen, "ebakia eta hutsa, goiza ondo hasteko". Oso gertuko azaldu zen lehen aldia izateko, eta gauza batek harritu ninduen gehien. Kazetariak, elkarrizketatuak ondo ezagutu behar izaten ditugu elkarrizketatu aurretik, alegia, berari buruz informazioa jakin behar dugu, zer egin duen, bere ibilbidea, xehetasunak...Baina bera ere ondo informatuta etorri zen:
-Esan didate bai, Tolosakoa zarela.
-Tolosarra ni? Ez ez ! Tolosan bizi bai, baina Andoaindarra naiz.
-Ah, beno, antzeko ! Zer du herri horrek kirol idazle eta kazetariekin? Ezagutuko dituzu orduan Ramon Olasagasti eta mendi lasterketetetan speaker lanetan ibiltzen den Elduaien, ez?
-Bai, zerbait bai. Ea egunen batean, Ramonen laurdena idatzi eta Aitorrek duen hitz jarioaren erdia izaten dugun, Alberto !
-Eskuminak eman biei !
-Emango dizkiet, bai.
-Emango dizkiet, bai.
Lehen elkarrizketa hartan, ia bi ordu pasa genituen. Albertok ez zuen presarik, nik gutxiago. Denetik kontatu zidan. Mendiko gauzetaz hitz egin genuen, espedizio kideetaz, etxekoetaz, bere semeetaz, mendi lasterketetaz... (http://www.berria.eus/paperekoa/1860/020/001/2015-05-26/oso_zaila_da_espedizioetarako_behar_den_laguntza_lortzea.htm).
Elkarrizketan gauza asko atera ziren, baina beste asko niretzat gorde nituen, berak eskatu bezala. Bi ordu eta gero, telefonoa eskatu eta hauxe esan zidan:
Elkarrizketan gauza asko atera ziren, baina beste asko niretzat gorde nituen, berak eskatu bezala. Bi ordu eta gero, telefonoa eskatu eta hauxe esan zidan:
-Hurrena, Tolosara gerturatzean, deituko dizut kafe bat hartzeko.
-Ea hala den Alberto !
Etxerako bidean, tipo handi bat ezagutu izanaren sentsazioa neraman. Hala ere, ez nuen esperantza handirik, kafe bat hartzeko deituko zidanik. Handik hilabetera, Tolosan nintzen goiz batean, telefonoa joka hasi eta pantailan "Alberto Zerain" ageri zitzaidan:
-Eup ! Bizi al gea?
-Non zaude Unai? Donostiatik Gasteizera noa eta bidean kafe bat hartzeko nola zaude?
-Jode, perfekto ! Zer iruditzen Alegiko gasolineran?
-Benga, ordu laurden barru bertan.
Halaxe izan zen, beti bezela, ordurako iritsi zen. Kafe bat hartzen genuen bitartean, berak prestatuta zituen hitzaldi eta dokumentalei buruz hizketan hasi ginenean, halaxe bota zidan:
-Zurekin egon nahi nuen. Azkenaldian, hitzaldiak asko jeitsi dira, eta jada ez dugu hitzaldi askorik ematen. Pena bat da, mendizaleek dugun materaialarekin eta...
Ea hitzaldiak mugitzen lagunduko nion eskatu zidan. Ezezkorik ezin esan, nola ba ! Saiatuko nintzela esan nion. Batenbatek deituz gero, zerbait egingo genuela. Handik aurrera, askotan elkartu ginen. Ahal nuen guztietan berarekin kontatzen nuen, GAILURRA programara etortzeko gonbitea luzatu nionean bezalaxe, inongo oztoporik jarri gabe azaldu zen orduan ere. Edozein espediziotatik etortzen zenean, beti elkarrizketatzen saiatzen nintzen. Beti zuen zer kontatu, bizitzeko zuen gogoak harrituta uzten ninduen, uf ! Nanga Parbatera joan aurretik egin nion azken elkarrizketan, oso gogotsu ikusi nuen, "ikusiko duzu Unai, dena ederki aterako da. Orain Nanga egin, eta udazkenean, Juanito osatzen bada, Broad Peakera joango gara. Hori bai, tartean, Gasteizen afaltzeko elkartu behar dugu, nire kontura. Errenteriko hitzaldiarengatik beste bat zor dizut !".
Nangara joan zinen, baina ez zara Gasteizera itzuliko. Afaria zorretan utzi didazu, baita egunen batean batera egin behar genuen mendi lasterketa hura ere. Zure emazte eta semeetaz gogoratzen naiz, hainbeste aipatzen zenizkidan kideetaz. Baina gustoko lekuan gelditu zara betirako, zuk nahiko zenukeen lekuan, zuk hainbestetan aipatu zenidan Mazzenoetan, mendian. Jende askok esaten duen moduan, mendiak ere bere selekzioa egiten du, eta oraingoan zu hautatu zaitu, onenen pare jarri zaitu, merezi bezala. Adio lagun !
Azken hegazkina hartu aurretik, idatzi zenidan mezu batekin gelditzen naiz, "un fuerte abrazo, besarkada bat".
No hay comentarios:
Publicar un comentario