Igandean bete zituen hiru urte. 2015eko ekainean jaiotako umeak, jada hiru urte bete ditu. Morrosko ederra egiten ari da,eta dagoeneko, bere lehen hizkiak ere idazten hasi da. Oraindik ere ez ditu ondo bereizten hizki larriak eta xeheak, baina bakoitza non doan ederki ikasita dago. Igandekoari buruz ere idatzi nahi izan du, eta oraingoan, hizki larriak aukeratu ditu protagonistentzat: hastera doa...
AITOR ELDUAIEN: Lasterketari ahotsa jartzen diona. Iaz korrika probatu zuen T3T, baina gustorago zegoen atzo orain urtebete baino. Guretako beste bat. Handia haiz !
BOLUNTARIOAK: Ia 200 orotara, gehienak eskualdekoak, gehienak lagunak eta asko famili artekoak. Korrikalari gehienen ahotan zineten igandean helmugan, gehienek gauza berbera zioten "a ze pasada, a ze atentzioa..." Txapela kentzekoak zarete !
CARLOS DE LA PARRA eta ANGEL MORALES: Helmuga zeharkatzen azkenak izan ziren bi madrildarrak.9 ordu, 15 minutu eta 31 segundutan gure hiru mendiez gozatzeko aukera izan zuten. Helmugan, besterik ez zuten esaten "gracias por todo, esto no se nos olvidará nunca". Itzuliko dira, ziur.
EMAKUMEAK: Ia %25ak izan ziren irteeran T2T lasterketan. Goruntz doa dudarik gabe izenemateetan emakumeen kopurua eta benetan poztekoa da. Kolore ederra eman zioten Tolosako kaleei hemugan. Zorionak !
GRAJERA MONICA: Lasterketa asko irabazitako kataluniar alkizarrak, atzo eskoba lanak egin zituen gurean. Horrelako keinuek egiten dute handi T3T. Moltes gracies !
OIHANA KORTAZAR: Iazko hutsunea eta gero, berriro ere gurekin izan zen igandean. Bi urtetan izan da garailea, eta guretzat etxeakoa da. Lesioak ahaztuta, berriro ere lehian ikusi nahi zaitugu. Zaindu, oraindik ere asko duzu egiteko eta !
OIER ARIZNABARRETA: Hustuta, txikituta...baina lehena. Urte batzuk baziren maratoi distantziari beldurra hartu ziola. Mamuak uxatzeko gure lasterketa aukeratu zuen, eta ez zuen hutsik egin. Mila esker denagatik !
J
KARRERA IKER: Asko zor diagu T3Tko antolatzaileek. Inoizko euskal ultra korrikalaririk onena berriro ere gurean ikustea ederra izan zen. Larunbat gauean 23:00tan Kataluniatik iritsi, eta igande goizean bigarren egin. Eskerrik asko !
LAGUNTZAILEAK: Euren laguntzarik gabe ere ezingo litzateke ezer egin. Lehen urtetik gehienak, azken urtean beste batzuk, baina beti ere beharrezkoak 650 lagun babesean izateko. Mila esker laguntzagatik !
MAITE MAIORA: Zegaman buru-belarri zinen, baina txapeldunak badakite burua altxatzen. Aurrekoa astelehenean zure deia jasotzea handia izan zen. Denboraldia luzea da animo !
NEGAR MALKOAK: Urteroko unerik hunkigarriena izaten da. Ez da garailea izaten, ez da errekorra egin duena ere. Lasterketaren azken postuan sartzen denaren unea izaten da,aurten bi madrildar. Azken 50 metrotan sartu eta lore-sorta hartzean botatako negar malkoak ez zaizkigu ahaztuko.
IÑAKI INSAUSTI: Lantaldeko kidea. aurten, berari tokatu zaio lasterketan parte hartzea. Gozatuz iritsi zen helmugara eta ez edonola, 13. postuan. Bejondeikela Inazio !
OLANO IÑAKI: Lau urte behar izan dira podiumeko koskarik gorenean eskualdeko korrikalari bat ikusteko. Ez da T3Tn izan, baina T2Tn lortutako emaitzak, gorenean ipintzen zaitu. Zorionak !
PAELLA: Felix Belaunzaran eta Joxe Mari Barriolaren gidaritzapean joan zen aurtengoan ere paellaren gaia. Korrikalari denek gehien estimatzen duten unea izango da paellaren otordua. Ez ditzagun ohitura onak galdu. Mila esker Felix eta Joxe Mari !
EZEIZABARRENATARRAK: Abizen ezaguna da Tolosan. Gabonetan egindako apostu baten ondorioz, atzo 12 izan ziren irteera puntuan. Danak pozik, danak gustora. Batenbati afaria izorratu omen diote.
ESKUALDEA: Tolosan hasi eta amaitzen diren arren, T3T eta T2T lasterketek berezko egin dituzte inguruko herriak ere. Alkiza, Irura, Elduain, Leaburu eta Ibarrako herriei esker ona besterik ez.
LANTALDEA: Bederatzikotea. Bakoitza ama batena. Juan Zubia, Luis Lasa, Luis Oruezabal, Mikel Lopetegi, Ion Azpiroz, Joseba Usabiaga, Iñaki Insausti, Eñaut Sorarrain eta Unai Ugartemendia. Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontutan hartu !
HURRENGOA: Bostgarren ekitaldia izango da 2019koa. Nork esan behar zigun ! Zerbait berezia prestatzeko prest gaude gu. Data ez da ziurra, baina badaezpada gorde ekainaren 16a zuen egutegietan.
VALENTZIARRAK: Lehen urtetik izan ditugu gurekin elkarlanean eta korrika. Paella prestatzen laguntzeko ezinbestekoak egin dira. Berriz ere gurean nahi zaituztegu. Amunt Valencia !
MARTIN DIEZ VIRTO X AIARA GARAIALDE: Kontuz bi hauekin, oso gazteak, 23 eta 20 urte. Biak, lehen seien artean sartu ziren. Etorkizuna ziurtatuta dute bi Segurarrek. Zorionak ! Berriro gurekin nahi zaituztegu !
ALBERTO ZALDUENDO: Urtarrilean utzi gintuen eta asko gogoratu ginen atzo berarekin. Zauden tokian zaudela, agur bat lantalde guztiaren partetik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario