UNAI UGARTEMENDIA

UNAI UGARTEMENDIA...mendi hegaletan gora
Begia noraino, nahia haraino...

martes, 20 de junio de 2017

Ez da ametsa, egia da T3T eta T2Trena !!



Ekainak 18, igandea. Goizeko 05:10 dira. Lasterketa eguna. Ordu gutxi daramatzat lo. Ohera berandu sartzearen ondorioak ederki pairatzen ari naiz ordu hauetan. Hala ere ez nago lasai. Lasterketa egunak inoiz ez dira lasaiak izaten, are gutxiago, lasterketaren gurasoetariko bat zarenean. Irteera gunera noa...bertan ez dago inor...beste gurasoak ere ez dira ageri...ez nintzen ba egunez nahastuko?...Ez da posible...korrikalaririk ez dago kaleetan...helmugako arkurik ere ez...paella prestatzen iñor ez ... Ez da posible !! Kolpetik esnatu naiz, amesgaiztoenean murgilduta nengoen, izerditan. Gezurra da, eskerrak !! Pozik noa esnatzera. Gaur lasterketa eguna da, bai, baina 600 lagun bilduta. Ufffff....


Asko falta dira, ia gehienak... Zuek gabe ia ezinezkoa izango zen !!

Esnatu, dutxa eder bat hartu eta gosaldu gabe banoa ordenagailuaren laguntzarekin portalera. Urte guzti hauetan bezala, Mikel bizilagunarekin gelditu naiz irteerara joateko. 

-Ieup !! Dena ondo?
-Lo gutxi, baina ondo !!
-Uf, giro earra zeok oain... hemendik gutxira ikusi in behar.

Bagoaz irteera gunera. Portaletik atera orduko, jendearen burrunba nabaria da kalean. Atzo, larunbatez, "Kuadrillen eguna" ospatu zen Tolosan. Jende asko dabil oraindik kalean:

-Ostia, ez nikek oin gorputza euki nahi, dedio !!
-Zahartzen ari haiz hankaluze ! Beno, nik ere ez niekek gorputzik aldatuko.

Bost minutu beranduago, Pitz lagunarekin geldituta gaude. Eguna hasteko, iaz bezela, Gozona pastelerira joateko gelditu gara gosaltzera. Gerturatu orduko, bertan pilatuta zegoen jendearen balantzak izutu gaitu hirurak.

-Eozein sartzek horrea !!
-Bai motel, gosaldu gabe gelditzea hobe diau.

Irteerara goaz, beste gurasoengana. Denak batu gara. Gogotsu, indarrarekin, baina beldur naiz. Iragarritako eguraldia betetzen bada, bero ikaragarria izango dugu. Anoa guneak ondo hornitu ditugu, bai, baina beroak beti egin izan du triskantza handia lasterketetan, eta ez ahaztu, zorionerako, 600 lagun bildu ditugu Tolosan. Bai 600 !! Oraindik esan ez dudan arren, anai zaharrenari kasu egin eta anaia txikiagoa ere ekarriko dugu gaur mundura. Izena badu jada, T2T. Ea nola jaiotzen den.

Aurtengoan Mikel Apaolaza beasaindarra izango dugu giroa berotzeko, Aitor Elduaienek lasterketa egin nahi zuen, eta nola ez, gu ere gustora bera bertan irtengo delako. Ordua iristen ari da. 350 korrikalariak zain daude, beroa, urduritasuna... 10, 9, 8, ....3, 2, 1, aurrera !! Atera dira, Zorte on !!

Anai txikiaren jaiotza 09:30etan izango da. Gertuko jendea izango dugu gehiengoa, baina jaiotzerako izan duen harrerak, hunkituta utzi gaitu denak. Ez zegoen jende gehiagorentzako lekurik !! Gazteak, ez hain gazteak, helduak, gertuko herritakoak...denek izan dute lekua estreinekoan. 3, 2, 1...aurrera !!

Ordubete eta erdi da festa hasi denetik. Mendian jende asko omen dabil, eta herriko Trianguloan ere jende asko bildu da. Telefonoz abisua: badirudi, anai txikiko lehenak batera sartuko direla. Azken 50 metrotan sartu dira biak, alfombra urdinean barrena, batak bestea seinalatzen. Bi izen handi estreinurako: Axier Alonso oñatiarra eta Jokin Lizeaga handia !! Axierrek, garaipena, orain gutxi galdutako lagunari eskeini dio...Uf, estreineko ederra !! Biak blai iritsi dira. Asko poztu naiz Jokin laguna berriro ere korrika ikusteaz, handia haiz !!

Bi handi, Axier Alonso eta Jokin Lizeaga. 


Handik gutxira, Laida Elizegiren irrifarra gertutik ikusi dugu. Parrez, metrorik egin ez balu bezala... Guraso ederrak izango ditu anai txikiak. Jendea izerdi patsetan sartzen ari da. Ez nago lasai ! Iritsiko ote da ura? Ez ote da ezer pasako...

Bikain Laida Elizeagi. Zorionak !!


Abisua pasa digute berriz Ibarratik. Ismail Razga iazko irabazlea bertatik pasa da. Denbora joan egin zaio, ez du inporta. Saltoka dator Ismail, txistu jotzen, bi kilometro egin balitu bezala...Alu hau !! Helmuga pasa, eta hamar aldiz eskertu dit gonbidapena. Ahal duen guztitan etorriko dela ere dozena bat aldiz esan dit. Eskertzen dira horrelako hitzak bat lasai ez dagoenean.


Ismael Razga bigarrenez txapeldun. Zorionak !!
Atzetik datoz beste denak. Carlos Garcia, Goar Lopetegi (uff, ze esan !!)....eta LUIS LASA. Bai, "beltzak" karrera latza egin du. Azken unerarte laguntzen egon, dortsala jarri ta egurra. Benetan poztu ginen helmugan ikusteak. Handia !!

LUIS LASA: Hi bai handia !!

Hurrengo abisua ere pasa digute. Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra ere azken metrotan sartu da. Dedio, earki poztu nau eguna Oihanak !! Pozik (beti bezala), irrifartsu (beti bezala), eta esker oneko (beti bezala).

Parrez, umoretsu...Oihana Azkorbebeitia txapeldun !!

Orduak aurrera doaz, beroa ere asko nabari da (32 gradu helmugan). Bertan daramatzat jada ia 8 ordu. Denetik ikusi dut gaur helmugan, ondo iritsi direnak, zentzua galduta zutenak, oker iritsi direnak, bi makillekin ere bai batenbat...baina denek izan dituzte antolakuntzarekiko hitz onak. Lasaiago nago. 25 bakarrik falta dira sartzeko, eta ez dugu arazo larririk izan. Banan-bana, lasterkari guztiak zoriondu eta azkenaren zain gaude. Las Palmasetik etorritako tipo bat omen da. Nola ez diogu ba itxarongo !  Haren zain jarri gara, eskuan lore-sorta hartuta. Badator Solana kaletik barrena, denak zain, Oihana Azkorbebeitia zain du berarekin azken metroak egiteko. Ez dator bakarrik, beste batekin eskutik dator gizona. Negarrez amaitu du. Helmuga pasa dute biek,...eta ni ere lasaitu naiz. Lasterketa gogorra izan da gaurkoa, nahiko lan izan dut askorekin, baina irrifarrea ez dut ahotik kendu egun guztian.


Nahiko lan izan det batzukin...

Bost minutu hartu ditut niretzat. Bakarrik. Ez da ezer pasa. Urte guztiko lanak pena merezi izan duela sinestarazi nahi diot nire buruari. Bai Unai, bai, pena merezi dik. Bi urteko umea oinez dabil lasai lasai, baina jaioberriaren hasiera oraindik eta hobea izan da. Denetik pentsatzeko aukera izan dut. Bidelagun izan ditugun guzti hauen izenak etorri zaizkit burura, ARALAR Kirolak, ZAPIAIN Sagardotegia, Otsabio, Lixone, Aneto, Ioanna Arbillaga Podologia, Tolosako, Alkizako, Irurako, Elduaingo eta Ibarrako Udalak, Pasaban, Xoilan, Rotulos Vicente, Excavaciones Oruezabal, Alur-Txiki Elkartea, Mahala, Ibarra Argi Lanak, BERRIA, Coca-Cola, Iriarte Jatetxea, Oargi, Grupo Delta, Orbela, Danon-Tokoa, FullGas, Gipuzkoako Foru Aldundia, Insalus, RDS Socks, Oxykor, Ibarburu Merkatutxoa, Gipuzkoako Mendi Federazioa, Ataria, Lumagorri... Egia da bai, denak gurekin jarraitu nahi izan dute aurten ere. Uf, oilo ipurditan nago... 

Zuek gabe ez gara ezer. Mila esker denei !!

Eta nola ez, lasterketa honek duen altxorrik handienaz gogoratu naiz. Boluntarioen lana, TXAPELA KENTZEKOA !! Zuek zarete gure altxorra. Izen guztietaz ezin naiz gogoratu, baina ostiraletik igandera ondoan izan dugun PITZ ezin ahaztu. Chapeau denei !

P.D: Banoa etxera. Gustora. Lagun batzuekin noa, tartean, aspaldian denbora asko batera pasatzen dudan batekin. Bi zerbeza hartu ditugu. Nekatuta ikusten dut, baina pozik. Ez dakit zenbat kilometro egingo zituen gaur alfonbra urdinaren gainean aurrera eta atzera arazoak konpontzeko ahaleginean, ez dakit zenbat ordu joan zaizkion urtean zehar (badakit asko izan direla), zenbat mezu boluntarioei, zenbat dei arduradunei... Besterik ez zait ateratzen, gurekin behar haugu "hankaluze" (M.L) !!